DEIA 27/01/2014

MUNGIA. Aurreikuspen guztiak gainditu dituzte oraingoan Mungiako Izenaduba Basoan, 2013 urtean 40.000 bisitatik gora jaso baitituzte, Euskal Herriko interpretazio zentrorik bisitatuena bilakatuz. Izenaduba Basoa, Bizkaiko baserririk zaharrenaren inguruan antolatutako ume eta familientzako mitologiako interpretazio zentroa da, euskal tradizioak modu ludiko eta didaktikoan eta euskaraz zabaltzeko asmoz eraikia.

 

 

Izenaduba Basoan euskal kultura, euskara eta mitologia abiapuntu bezala hartuta, ekintza eta bisita ezberdinak sortuko dituzte hasi berri den urterako. Baso magikoa izanik, urtero sorpresaz beterik dago. 2014. urtean beraz, Olentzeroren bizitzaren inguruan murgilduko dira; bere baserrian zenbait lan eta zeregin daude eta horiek izango dira ardatz eta ikusgai; baratze eta fruituak, animaliak, eta hori guztia, magiari esker.

2007ko abenduan ateak ireki zituenetik egun arte, 200.000 bisitari baino gehiago izan ditu zentroak, horietatik 40.000 inguru ikasleak izan direlarik. Izenaduba Basoa, aisialdirako alternatiba den heinean, erreferente bilakatu da azken sei urte hauetan. Urtero jasotzen dituen 30.000 bisitari baino gehiagoren artean, bai adin ezberdinetako pertsonak, bai Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritakoak daude, helduak, umeak, ikastetxeak, elkarteak, familiak, kuadrilak…

Aurtengo Gabonetako bisita berezia eta berritzailea izan da, an-tzeztua izan baita. Izenaduba Basora hurbildu diren ume eta familia guztiek pertsonaia mitologikoekin bat egin dute, eta bertatik bertara eta zuzenean mitoak, kondairak, ohiturak eta tradizioak ezagutu dituzte. Pertsonaia mitologikoen eskutik, ibilbide magiko eta miresgarriaz gozatzeko aukera paregabea izan dute. Ekimen esperimental horretan murgildu dira ume eta gurasoak eta elkarrekin, momentu ahaztezinak bizi izan dituzte.

Ikastetxeetatik etorritakoek aldiz, magia eta mitologia uztar-tzeko bidea izan dute Izenaduba Basoko Pedagogia Sailak antolaturiko bisita gidatu berriekin gabonotan. Tor magoaren magia ikuskizuna medio, umeentzako bisita zirraragarria izan dena oso positiboki baloratu dute irakasleek.

IZAERA DIDAKTIKOA Izan ere, Izenaduba Basoa Euskal Herriko lehenengo parke mitologikoa da, eta bertako xede nagusietako bat tradizioa jolasaren bitartez erakustea da. Hala, zentroaren helburu ludikoarekin bat dator beti irakasteko asmoa ere. Horretarako, Izenaduba Basoak familiei eskainitako bisita ludiko-didaktikoez gain, ikasleei euskal kultura, tradizioa eta mitologia hurbiltze asmoz, hainbat programa didaktiko eskaintzen ditu, euskal kulturaren inguruan interesa pizteko metodo eta modelo hezitzaile ezberdinak sortuz.

Hasteko, Izenaduba Basoa Landetxo Goikoa baserria kokatzen da, Olentzeroren etxea, alegia. Bertan, umeek euskal mitologia, natura, ohitura zahar eta kondairak ikasten dituzte joko interaktibo eta teknologia berrien bitartez; hots, punta-puntako teknologia XVI.mendeko baserrian. Olentzerok ongietorria egiten die bisitariei, eta bere lagunak ere aldamenean izaten ditu bisitan zehar, galtzagorriak, Kuku eta Pintzoi txoritxoak eta Mari Domingi. Azken horrek gainera, jentilen inguruko istorio miresgarri bat kontatzen dio en-tzun nahi duen orori.

Baina ez da hor bukatzen Izenaduba Basoak eskaintzen duen jardueren multzoa. Landetxo Goikoa baserriaren inguruan, parke mitologikoa aurkitzen da. Jentilak, Mariren koba, Basajaun, herensugea, akerra, txondorra, sorginak, Sugar eta lamiak bertatik bertara ezagutzeko aukera dago, 3D simulagailu eta guzti.

XVI. MENDEKO BASERRIA Hori guztia, Euskadiko baserri lehenengoetariko baten inguruan. Landetxo Goikoa baserria, denboran zehar irauteko altxatutako eraikina, 1510ean egin zuten. Euskal Herria hondatu zuten bando-gerrak bukatuta gero, aro berri baten hastapenaren aurrean eraiki zuten baserria.

Egun, mende asko igaro badira ere, jatorrizko baserria ikusteko aukera dago. Bisitaldi baten bitartez, baserriaren deseraikitze eta berreraiki-tzearen abentura azaltzen duten infografia bikainak eta baserri magikoaren gaineko erakusketa azaltzen dira. Nabarmentzekoa da baserria kontu handiz berreraikia izan zela, jatorriz sortu zutenen eraikitze-teknikei jarraiki: kanpoko murruak berriro altxatu ziren egurrezko egitura ixteko, ondoren beheko holtzak ahokatu ziren, tximinia, polikromia eta zorua. Izatez, Landetxo Goikoa ikusita, euskal baserria funtsean zer den ulertu daiteke; bizilekua, ekoizpen-lekua eta tenplua aldi berean.

Alta, euskal kultura tradizionalaren adierazle den XVI. mendeko Bizkaiko baserririk zaharrenetik, XXI. mendeko proiektu bat diseinatu dute. Izenaduba Basoan tradizioei eta ohiturei uko egin gabe euskal mitologia gaurko eguneko lengoaiara hurbiltzen da, XXI. mendeko kanonak jarraituz.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com