DEIA 24/01/2014
MUNGIA. Herri-kirolen tartea izango da Mungian igande goizean. Izan ere, Uribe Kostako Eskolarteko herri-kirolen aurtengo lehen topaketa antolatu dute udal kiroldegian Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak Bizkaiko Foru Aldundia eta Mungiako Udalaren laguntzaz.
Goiz osoan zehar, 500 ume inguruk parte hartuko dute topaketa honetan, non Uribe Kostako hainbat ikastetxetatik heldutako benjamin, alebin eta infantilak arituko diren nor baino nor.
10:30ean ume gazteenak hasiko dira norgehiagoka, hurrengo probak burutuko dituztelarik: ingudea, zakuak, lokotxak eta sokatira, eta guztira 22 talde izango dira. Eguerdi ingururako alebin eta infantilak hasiko dira berriz, 20 eta 6 talde hurrenez-hurren. Lehenengoek aurretik aipatutako proba denak gauzatuko dituzte, baita giza-proba ere. Ume nagusienek berriz, infantil kategoriari dagozkienak eta Bizkaia osotik hurbilduko direnak hain zuzen, bere aurrekoek egingo dituzten proba guztiak egiteaz gain lasto-altxaketan ere ibiliko dira. Denak ala denak talde mistoak izan daitezkeela dio araudiak.
Guztira, 500 bat umek hartuko du parte igandean Mungiako kiroldegian gertatuko duten saio handian. Herrian, herri-kiroletarako zaletasuna sendotzeko Olaldeko herri-kirolen parkea dute eskura mungiarrek. Astean birritan federakundeak bertan egiten ditu entrenamenduak Mungiako Udalarekin sinatu zuten hitzarmen bati esker. Horren truke, federakundeak etorkizunean eta horretarako modua dagoenean Mungian herri-kirolen eskola bat sortzeko konpromisoa hartu zuen, bertako umeei zuzenduta eta mungiarren artean bertako tradizioak eta kirola sustatzeko beti ere.