DEIA 20/01/2014

Mungia herri solidarioa denaz ez dago dudarik. Behin eta berriz erakutsi izan dute mungiarrek euren prestutasuna lagun urkoari laguntzea tokatzen denetan. Eta ez hori bakarrik, laguntzeaz gain lagunartean disfrutatzea ere lortzen dute gehienetan. Pasa den igandea, filosofia horren eredu: San Antontxu jaiak oraindik bor-borrean zebiltzala, Lapikoko Eguna antolatu zuten laugarrengoz Mungian. Bertan, 50 bat kazola aurkeztu zituzten lehiaketara herriko zein inguruetako beste hainbeste kuadrilek. Larunbatean herriko feria nagusian izan zirenek behintzat, kalitatezko produktuak erabiltzeko aukera izan zuten zalantza barik.

 

 

 

Denak ala denak giro ederrean igaro zuten eguna, eguerdi parterako agertu zen euriari kasu handirik egin barik. Goizean goiz hasi ziren familia eta kuadrilak kazolak berotzen, barazkiak txikitu eta hamaiketako goxoak prestatzen. Ez zen dena indaba izan, baina. Hamarrak aldera Txispeleta Skaut Taldeak plan alternatiboa baitzuen: patata-tortila lehiaketetan ibilitako hainbat txapeldunen eskutik, plater hori prestatzeko tailerra eskaini zuten umeei zuzenduta. Sukaldariek tortila erraldoi zenbait egin zituzten -12 arraultzekoa bakoitza-, umeei erakusteko. Bitartean, txapeldunon seme-alabek -eta Txispeletako kide ere direnak, 14-15 urte bitartekoak- ume gazteagoei laguntzen zieten tortila txikiagoak egiten. Gainera, gonbidatu berezi bat ere bertan izan zen, oraintsu telebistan eskaini duten umeentzako sukaldaritza saio famatu batean parte hartutako Aimar Sanmigel ortuellarra ere aritu zen tortilla lanetan, gero lapikoko zenbaitetatik ere zertxobait dastatzeko aukera izan zuelarik, eta "bere saltsan" ibili zela azaldu zuten Txispeletako monitoreetako batek, Jonatan Perez.

Txapeldunek "40 arrautzekin eginiko tortilla erraldoia" lortu zuten, Jonatan Perezen esanetan, eta "umeek ere tortila pila egin zituzten" gaineratu zuen. Horrela, pintxoak saltzeari ekin zioten, den-denak jan zirelarik. "Pozik" agertu ziren Txispeletako monitoreak parte-hartzearekin, inoiz baino ume eta gazte gehiago batu zirelako lapiko eta zartaginen inguruan, eta hori da hain zuzen taldeak Lapikoko Egunarekin eskuratu nahi duen xedeetako bat, herriko ume eta gazteak inplikatzea, jaietan eta ekintzetan parte-hartzea eta ekimenok bere egitea, hori baita "finean taldearen funtsa". Horiekin batera, San Antontxu egunean Merkatarien Elkarteak Txispeletari eskainitako odolosteak Gizaberri taldearekin banatuta, pintxo moduan saldu zituzten Txispeletakoek, arrakasta itzela lortuz.

Gizaberrikoek berriz, urtero indabak egin eta saltzen dituzte Beninen aspaldi hasitako proiektu solidariorako dirua biltzeko asmoz, gaur arte hamaika egitasmo abiatu dituztelarik, besteak beste, osasun-zentro bat eraiki, emakumeentzako egoitza bat edo haziak bidaltzea. Jasotako odolosteak beraz, lapikoko handi hori aberasteko baliatu zituzten. Guztira 3.700 euro inguru bildu zituzten Gizaberrikoek eta aurten furgoneta bat erosteko bideratuko dituzte.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com