ANIMALIEN OINATZEN AZTERKETA GAUZATUKO DUTE IGANDEAN ETA 'IBAIALDE' ERAKUSKETA, ASTEAN ZEHAR

DEIA. Joan den asteartean, azaroaren 12an, abiatu zen Butroi errekaren astea Mungian; hau, datorren asteartera arte iraungo du. Atzo bertan, herriko ehun bat ikasle bildu ziren, urtero legez, Butroi errekaren inguruan bildu eta zenbait jardueratan parte hartzeko.

Taldetan banatu ziren bertaratutakoak eta zeregin desberdinak burutu zituzten. Talde batek bertako ura analizatu bitartean, besteek Andra Mari gunean egokitutako erakusketa landu zuten. Izan ere, normalean erreka inguruaren garbiketan ere parte hartzen dute umeek, baina, aurten, eguraldia dela medio, behar ez diren arriskuak ekiditea erabaki dute antolatzaileek eta garbiketa bertan behera utzi da.

Horrela, erabakitzeke zegoen atzo egunkari hau ixterako orduan larunbaterako aurrikusi den ekintza egingo den ala ez. Ume eta helduak kanoetan ibiltzeko aukera eman nahi da, eguraldia eta bestelako baldintza zenbaiten arabera beti ere.

Igandean berriz, animalien oinatzen azterketa egingo da, 10:00etan hasita. Txoriak, bisoia, katajineta, lukia, kirikolatza... Butroi ibaiaren ingurua eta biodibertsitatea ezagutzeko eta zaintzeko aukera izango da. Gainera, biologo aditu batekin batera egingo da irteera hori. Txispeletako adar gazteenek ere, Koskorrak eta Kaskondoak, inguruan bizi diren animalitxoen aztarnen bila joango dira. Gainera, neguan zehar eskualdeko txoriei jatekoa emango diete (Udaletxeak rugby zelai atzean dituen janlekuetan). Bertan parte hartu nahi duenak, domeka goizean Matxin plazara hurbiltzea besterik ez dauka.

Aste osoan zehar, gainera, Mugire Txokoan, Ibaialde erakusketa egongo da ikusgarri datorren asteartera arte.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com