Ikazkina bere etxe duen Landetxo Goikoa baserritik aterako da abenduak 24an azken gutunak jasotzeko
Mungiako ume gehientsuenek ondo dakite Olentzeroren etxea non dagoen. Euskal Herri osoan zehar ilusioak, magiak eta bere jatorriaren misterioak inguratzen duen figura bada ere, ikazkin potoloak errolda Landetxo Goikoan dauka, hots, Mungian. 1512an eraikitako baserria du etxe ofizial gure Olentzerok eta "mendian ikatz egiten" ez dabilenetan, "izaki zenbaitek jagoten dute Landetxo, baita Izenaduba basoa ere, Euskal Herriko lehenengo parke mitologikoa", adierazi du Olentzerok DEIArako elkarrizketa esklusiboan. Jakin dugunez, bertan, "hainbeste lagun elkartu ohi dira", hala nola, Tartalo, inguruetako iratxoak dantzan, Basajaun, herriko ile-apaindegietara sekretuan joaten ei diren lamia batzuk, Mari Teilatuetakoa hagin bete zaku aldean duela eta modari kasu zipitzik egiten ez dieten galtzagorriak. Denak ala denak bisitatzeko aukera dago Izenaduban urte osoan zehar, baina, "Gabonak gainean ditugun honetan, izakion ahotik eta eskutik, musika lagun, ibilbide magiko eta mitologiko ahaztezina egin ahal izango da, Mari Domingi, Jentila edo Anbotoko Marirekin batera. Jolasean eta solasean, Mariren koba, Tartalo eta Haritz sakratua, Baso magikoa eta labirintoa edo Txondorraren istorioak biziko dituzte umeek, 3D simulagailu eta guzti!" esan digu ikazkinak. Bihar, lehenengo aukera arratsaldeko seietan, Andra Mari gunean.
GARRANTZITSUENA, GUTUNA Olentzero hain paraje izateak ere bere bentajak dituelako, etzi hasita eta hurrengo bi asteburuetan zehar Mari Domingi ibiliko da Izenaduba basoan arratsaldeko bostetatik eta iluntzeko zortziak bitartean, Olentzerorentzako gutunak pertsonalki jasotzen. "Mari Domingirengan konfintza osoa" duela segurtatu du berak. Gainera, bihar Tor magoa ere Mungiara hurbilduko da bere gutuna entregatzeko, baina lehenik, bostetan Lauaxeta plazan izango da bere barita astinduz.
OLENTZEROREN ETORRERA Aspalditik hona, Gabon arratsaldean Olentzero Mungian zehar kalejiran ibili ohi da hamaikatxo lagunekin batera, eta aurten ere hala egingo omen dute: "nire etxetik 16.30ak inguruan irtetzea da plana, txistulariak, dantzariak, abesbatza eta trikitilariak lagun, herriko ikastetxe guztietako 100 umerekin batera, galtzagorriak hain zuzen ere". Horrela, seiretarako eta Andui Elkarteak gidatuta, udaletxera helduko da. Bertako balkoitik mungiarrak agurtuko ditu, bertsoz eta pozez, alkatearekin batera. Ondoren, arkupeetan hartuko ditu "700dik gora ume", bakoitzarekin hitz egin edo gurasoek argazkia egiteko, eta, ohiturari jarraiki, "ume handiek txupetea ere entregatuko" diote. Hortik aurrerakoak, hurrengo elkarrizketarako utzi beharko ditugu.