MUNGIAN GAISOTASUNAK KALTETUTAKOAK LAGUNTZEKO MAGIA GALA BENEFIKOA ANTOLATU DUTE GAURKO

-DEIA- Magia Gala Benefikoa antolatu dute Mungian Bizkaiko Ilusionisten Elkartearen eskutik eta koroideremia gaisotasunak kaltetutakoak laguntzeko elkartearen alde dirua biltzeko asmoz.

Izan ere, ekitaldiak Olea-Elgezabal mungiarrak laguntzea du xede batez ere: Familiako lau seme-alabak (Andoni, Ibon, Janire eta Xabier) koroideremia gaisotasunak jota bizi dira. 2007.urtean diagnostikatu zituztenetik, senideak etengabe aritu dira osatuko dituen bidea aurkitzen saiatzen. Alabaina, gaitz honek gutxika-gutxika ikusmenik gabe uzten du gaixoa, mutilen kasuan, neskengan ez baitu eragin hori ekartzen. Familia honek gaisotasunari aurre egiteko elkarte bat sortu zuen eta geroztik hamaika egitasmo eta eragileren laguntza izan dute, hala nola, ekainaren 1ean Larramendi ikastolako ikasleek Olalde Aretoan antolatutako antzezlan solidarioa, herriko Agenda 21 programaren barnean.

Aurreko igandean, Sanpedrotxu eguna, Matxin plazan izan zen familia hau elkartearen aldeko kamiseta-salmentan. Gainera, aipatutako gala benefikorako sarrerak ere salgai izan zituzten.

Olalde Aretoan beraz, gaur, iluntzeko zazpi t'erdietatik aurrera Oliver Magoa, Tor Magoa, Altrius Magoa, David El Mago eta Daniel Ross-ekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutako ume zein nagusiek.

Ez da hau Mungiako San Pedro jaietan elkartasun eta solidaritatea erakusteko aukera bakarra izan, baina. Baserritarren egunean bildutako artisautza eta nekazal produktuekin batera, bertako animaliak -hortxe Bizkaiko Betizu txapelketa ere- eta animalia exotikoak bildu zituen Torrebillela parkean, Minbiziaren Kontrako Elkarteak diru-bilketa egin baitzuen Diz-Diz Emakumeen elkartearen laguntzarekin batera.

Ekitaldia ikusteko sarrerak 5 euro balio dute eta esan bezala, bildutako dirua Koroideremiak Kaltetutakoen Elkartearentzat izango da.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com