Mungiako Udalak jaietan ahuntzaren bisita-zerbitzua eskaintzen du elbarrituentzat

-DEIA- Marijata ikusteko aukera ugari izaten dituzte mungiarrek Sanpedroetan, baita kanpotik etorritakoek ere, txupinazoan hasita eta hamar egunetan zehar herrian barrena dantzan eta jai-giroan ibili ohi baita Mungiako ahuntzik famatuena.

Hala ere, badira jaiak beste modu batean bizi behar izaten dutenak, bai ospitalean gaisorik egoteagatik edo bai etxean bertan, baina ohetik atera ezinik elbarri direnak ere, besteak beste. Horregatik, Udalak zerbitzu berri bat jarri du martxan aurtengo Sanpedroetan zehar, herriko jaietan kale-giroaz gozatzeko abagunerik ez dutenei bideratuta: nahi izanez gero, Marijata ospitalera edo etxera joango zaie bisitan ezinduta daudenei.

Marijata festaren sinbolo eta ikur dute mungiarrek. Hura azaldu orduko, oinak dantzan hasten dira, umeak saltoka, aiton-amonak barre-algaraka, txakurrak ere kantuan, San Pedro heltzear delako jai-giro gozoan. Ekainaren 28a bueltan etorri ohi da Marijata bere arroparik eleganteenekin jantzita, zapi urdina lepoan duela. Urtero, Mungiako udaletxeko balkoitik behera eta gora dantzan, jaia hasteko ordua dela adieraziz, mungiar guztien gainetik hegan egiten du herriko zeruan zehar.

BIZPERAN 

Aurten ere, aurreko ostiralean, San Pedro bezperan hain zuzen, iluntzeko zortziak jo baino lehen bere Goggomobil ederrean ailegatu zen Marijata udaletxera, Olentzeroren Izenaduba etxetik abiatuta kalejira alaian, txistulariak, erraldoiak, dultzaineroak, buruhandiak eta herriko gazte kuadrilak lagun zituela.

Horrela, Mungia Saskibaloi Taldekoek pregoia bota ahala, Marijata, urtero legez, udaletxetik hegan bajatu zen, inguruan bildu ziren gazteak, umeak eta nagusiak jaira gonbidatuz, bere dantzarekin mungiarrak animatuz eta gora eta behera behin eta berriz txupinazoarekin batera festari hasiera lehergarria emanez. Hortik aurrera, kalean, parkean, plazan eta Butroi ertzean ikusi ei dute zenbaitek, jaietako programa apatxetan duela, jarduera eta ekitaldi guztietan parte hartzeko prest beti.

Mungiatik atera eta Bizkaian zehar ezagutzen dute asko eta askok Marijataren festarako grina, baita Euskal Herriko txoko askotan ere. Hain da baina ahuntzaren ospea, Andaluzia aldean ere izan omen dutela bere famaren berri, eta, ordainetan, kale bat izendatu ei dute mungiar honen ostetik Punta Umbria delako herrian. Baina ez dira hor bukatzen gure adardun damaren misterioak; DEIAk jakin duenez, Marijata Afrikan izan zen gazte-denboran, Ghana inguruan musika-talde bat osatuz, funk eta soula uztartzen zuen hirukotea: Marijata.

Ezinduta jaietan Mungian ibiltzea gaitz dutenek, beraz, aukera hau probestu dezakete Sanpedroetako parte garrantzitsu bat beraiekin izateko, oheburuan Marijatarekin solasean egiteko, eta, batek daki, agian dama honen beste sekretu edo misterioren bat ezagutzeko ere. Marijataren bisita nahi dutenek, Mungiako Udalarekin harremanetan jarri behar dute, hurrengo telefono zenbakira deituta 94 655 87 14.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com