JENDE ASKO, PARTE-HARTZE HANDIA ETA ISTILURIK EZA AZPIMARRATU NAHI IZAN DUTE ARDURADUNEK

-DEIA- 2013ko Sanpedroak joan berri zaizkigula eta hamar egunetako jai hauen balantzea egiteko ordua heldu da. Udaletxeko balkoitik Mungiako Saskibaloi Taldekoek txupina bota zutenetik, hainbeste ordutan jaia, musika, dantza eta hamaika ekitaldirekin gozatu zuten herrira bertaratutako guztiek: jende asko, parte-hartze handia eta istilurik eza izan dira protagonista aurten. Udaletxetik "oso pozik" agertu dira jaietan izan den erantzunarekin. Eskualdean jasan izan dugun udaberri euritsuaren ostean "jendea kalera irtetzeko gogoz izan da eta jaietan ere nabaritu da" adierazi dute. Izan ere, Sanpedroetan antolatutako jarduera guztietan eguraldiak lagundu egin zuen, eta horrek parte-hartzean ere eragin zuen. Horrela, jende asko hurbildu zen Mungialdeko herrietatik baita Bizkaiko hainbat txokotatik ere.

Hala, aurten jai-batzordearen asmoetako bat gazteen parte-har-tzea sustatzea izan da, eta hein batean behintzat, lortu dute. Lehenengoz antolatu duten Karromatoen Lehiaketan esate baterako, zazpi talde aritu ziren nor baino nor. Horrek herriko kaleei "jai-giroa ematen dio", hau da, txosnak edo lonjak gazteen bilgune bakarrak izatetik, kalera, herrian barrena zabaldu dute festa oraingoan.

Txosnetan ere ez dute izan kexatzeko motiborik, egun guztietan izan baitute jende anitz. Mungiarrak txosneroak direla gauza jakina da, baina, gainera, inguruko herrietatik zein Euskal Herriko beste hainbat lekutatik ere gazte asko mugitu zen txosna-gunera.

Jendetzak istiluak ekarri ei ditu maiz, baina Sanpedro hauetan dantzarako eta ondo pasatzeko gogoak irabazi du antza. Jaiek iraun duten hamar egunetan ez da borroka bakar bat ere sortu, eta hori ere "nabarmentzekoa da", diote udaletik, festaren beroak batzuetan arazoak baitakartza berarekin.

Azpimarratzekoa izan da baita ere jaietako azken egunean, Sukalki Eguna, 300 kazolatik gora aurkeztu izana eta egun osoan zehar herrian izan zen giro ederra. Ehundaka pertsona bildu zituen jai gastronomikoarekin agur esan zioten mungiarrek Marijatari datorren urtera arte.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com