DEIA - 26-07-2013

Mungiako auzoko jaiak abuztuaren 11n amaituko dira eta Belako taldeak kontzertua eskainiko du.

Uda-partea jai garaia izan ohi da Euskal Herrian, eta mungiarrek behintzat ez dute alde horretatik aspertzeko motiborik. Izan ere, ekainaren bukaeran eta uztail hastapenetan Sanpedro festa entzutetsuekin gozatu bazuten, horiek bukatu eta astebetera herriko auzoetan hainbeste ospakizun hasi zituzten. Bihar bertan, Birleko Kofradi jaiak hasiko dituzte beste urte batez.

 

Larunbatean, uztailak 27, Birleko probalekuan herri-bazkari eder bat antolatuko dute, arratsaldeko hiruretan hasiko dena. Horren ostetik, mariatxiek animatuko dituzte bertaratutakoak, eta, nahi duenak briska partida jokatzeko aukera ere izango du.

 

Hurrengo asteburura arte itxaron beharko dute mungiarrek baina Birleko jaiekin segitzeko; abuztuak 3an, larunbatarekin, txupinazioa botako baitute eguerdiko ordu batean, trikipoteo batek jarraituko diolarik.

Arratsaldean janak izango du protagonismoa, tortilla txapelketa izango baita Birlen. Gauean berriz, musika kontzertu potenteak: Tormenta eta iazko Gaztea Maketa Lehiaketa irabazitako Belako talde mungiarra izango dira entzungai. Belako taldeak iazko BBK Live-en jo zuen eta geroztik sekulako arrakasta izaten ari da.

Igandean, mezaren ostetik txapelketak etorriko dira Birlera: briska, tiragomasa eta futbito lehiaketak izango baitira. Ilun-tzeko zortzietan animaliak egongo dira ikusgai ume zein nagusien-tzat, eta, 21.00etan, DJ xaiborrek umeak dantzatuko ditu.

Kofraditxu egunean, astelehena, auzoko umeek jota erakustaldia eskainiko dute. Arratsaldean asto-lasterketa egongo da, eta esfortzuak esfortzu, sahieskia dastatu ahal izango dute irabazi zein galdu. Playback txapelketa, patata-dantza eta txokolatadarekin bukatuko da jaia.

Hurrengo astean baina, herri ibilaldia egingo da Birlerko baselizatik irtenda. Martxa hori mendian bizia galdu zuen Iratxe Urrutiaren omenez antolatu dute Birleko jai-batzordekoek. Goizean, hamarretan hasiko da eta mundu guztiari zabalik dago.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com