1051koa da lehenengo dokumentu aipamena Mungiari buruz.

Hasieran Mungia (Mune-ganean, antza; Butroi ibaiaren ertzetan kokatua zegoelako) elizaren inguruan sakabanatutako herrixka txiki bat baino ez zen izango. Apurka-apurka, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen; batetik, eliza administrazio gunea zelako (abate izateak hori erakusten du) eta bestetik jaurerritik kostarako pasabidea zelako, batez ere esportazioan nabarmentzen hasia zen Bermeorako.

XIII. mendearen bukaeran gertatu zen krisiak eragin nabarmena izan zuen noble-leinu hauen ekonomian eta irabaziak murriztu egin zitzaizkien. Honen ondorioz eta euren ekonomia hobetu nahian, baliabiderik errazena erabili zuten askotan: indarkeria.

Elizateko biztanleek uria sortzeko pribilegioa eskatu zioten Bizkaiko Jaunari, beren burua babestu ahal izateko eta, horrela,1376ko abuztuaren 1ean, Don Juan infanteak Mungiako uria sortu zuen eta Logroñoko Forua eman zion.

Mungialdean, bi leinuen ordezkariak aurkitu ditzakegu: batetik, Billela familia Ganboatarren aldekoa eta, bestetik, Oinaz bandoaren buru ziren Butroitarrak. Euron dorretxeen hurbiltasun geografikoaren erruz gertatu ziren hain sarri borrokak.

Guda eta gatazka hauek amaitu ondoren, Mungiako historia ustegabe handirik gabe joan zen. Bertako biztanleek nekazaritzari ekin zioten gehienbat, nahiz eta, honekin erlazionatutako industria txiki bat sortu: ibai ertzetan kokatutako hainbat errota eta artisautzarekin lotutako tailer txikiak urian.

Atzekaldeta deitu zioten, herriaren atzeko aldean baitzegoen. Uriak eta elizateak, autonomoak izan arren, askotan bat egiten zuten zenbait zerbitzu eta hobekuntza lortzeko. Eskola bera zeukaten eta Gondramenditik herrira ura ekartzeko sasoian, bi udalek ordaindu zituzten gastuak.

Mungia hacia el año 1500
1500 urtean Mungia

Apurka-apurka bat egiteko ideia nagusitu zen, eta lortu ere lortu zen 1900eko urriaren 6an erakunde bakarra egin baitzuten. Bat egite horren ikurra Beko-kalen dagoen iturria da, bertan agertzen den leloa "Biak bat eta biena" delarik.

Mungiako biztanleen bizitza lasaia izan zen 1936era arte. Gerra garaian Mungia gogor bonbardatu zuten gudatalde faxistek. Mungiatik alde egin zutenean beste bandoan kontrolatugabeko zenbait taldek herriko hainbat eraikin erre zituzten.

Gerrak herriaren hazkundea mugatu zuen, baina 60ko hamarkadaren hasieran industrializazioak jende asko ekarri zuen. Jende hori albo herrietatik zein estatuko beste herri batzuetatik etorri zen eta urte gutxiren barruan eraikin berri asko eta kale osoak sortu ziren, hirigunea nabarmen haziz. 70ko hamarkadaren bukaerako atzerakadak biztanleriaren berezko hazkundean gainbera ekarri zuen biztanleriari eraginez, baina azken urteotan gorakada nabarmena izan du.

JSN Boot template designed by JoomlaShine.com